2009-11-10

SEXU ZAPALKUNTZA ETA BERE FUNTZIO SOZIALA


Gozamen sexualaren ukapenaren oinarrian aurkitzen ditugu sexu errepresioa eta zapalkuntza, nagusiki klase zapalduek pairatu duten elementu historikoa. Klase dominatzaileek euren onura sozio-ekonomikoa lortzeko baliatu duten zapalkuntza, eta klase menpekoengan zapalkuntza orokortua mantentzeko erabili dutena. Zapalkuntza hau kulturala da eta ez biologikoa. Psikoanalisiaren korronte ezberdinetatik defendatu izan da, eta defendatzen da, errepresio sexualaren izaera biologikoa dela. Guretzako hori ez da horrela, “errepresio sexualaren jatorria sozio-ekonomikoa da eta ez biologikoa. Bere funtzioa patriarkatuaren kultura autoritarioaren eta esklabotza ekonomikoaren oinarriak sustraitzea da, modu argiagoan Japonen, Txinan, Indian… ikusi dezakegun moduan. Historiaren hastapenetan, gizakiaren bizitza sexualak naturaren legeak jarraitzen zituen, jendarte natural baten oinarriak jarriz. Ordutik, patriarkatu autoritarioaren azken lau edo sei mila urteek, sexualitate naturalaren energia ezabatuz, egungo pertsonaren bigarren mailako sexualitate doilorra sortu dute”. Errepresio sexuala patriarkatua bezain antzinakoa da, oinarri horren gainean eraiki dira genero, nazio eta klase zapalkuntza. Ordutik, sexualitatea ezkutatua, ukatua eta bahitua izan da. Ordutik “gizakiaren sexualitateak bizitza sozialaren iluntasunetik ateratzeko oihukatzen zuen, milaka urtean bizi izan duen bizitza iluna eta osasungaitza atzean utzi eta horren izen handia hartzen duen ‘kulturaren’ eta ‘zibilizazioaren’ eraikin distiratsuaren aurrean ezarri asmoz”. Historialari, zientzialari, politikari eta ekonomialariek gizateriaren urrats handi gisa kokatzen jarraitzen duten zibilizazioa. Gure gaur egungo jendartearen oinarria den zibilizazioa. Gutxiengo batek gehiengoa zapalduz eraiki duen zibilizazioa. Eta zapalkuntza orokor horren baitan, genero, nazio eta klase zapalkuntzaren baitan, sexu zapalkuntzak paper garrantzitsua bete du. Zaila da zibilizazio horretaz esaten diguten bezain ongi hitz egitea. Izan ere “krimen sexualak, abortu kriminalak, nerabeen ezinegon sexuala, haurren oinarrizko indarren hilketa, perbertsioak nonahi, pornografiaren eta bizioaren eskuadroiak, publizitate enpresa hutsalek egiten duten giza irriken ustiapen zitala, milioika gaixotasun psikiko eta somatikoak, bakartasuna eta mugapena nonahi, gizateriaren ustezko salbatzaileen harrokeria neurotikoa… zibilizazio baten apaingarri gisa hartzea zaila litzateke”. Gure zibilizazioa, bizi kalitatean aurreratua izatetik urrun, guztiz kontrakoa izan da. Gehiengoaren bizi kalitatea mugatu du, gutxiengoak bizitzaz goza dezan, modu horretan, herriaren aukerak mugatuz. Azterketa antropologiko hainbatek erakutsi du beste jendarte batzuetan, gurea baino antzinagoko zibilizazioek beste antolaketa modu batzuk garatu zituztela, zapalkuntzetatik aske izan ez arren, bizitzaren hainbat eremutan eredu berdintzaileagoak eta justuagoak lortuz. Antzinako jendarteek, eta baita XX. Mendean aztertutako antzinako funtzionamendu ohituren arabera zebiltzan hondar-tribuek ere. Garbi gera dadin aurrez; ez dugula nahi, ez dugula nahi izan gure argudioak iraganean kokatu. Kontrara, gaur nahi duguna izan behar dugu horrela nahi dugulako, eta ez izan ginelako. Gaur egungoak eta dinamikoak izan behar gara. Horrek, ordea, ez du esan nahi antzinako esperientziei jaramonik egin behar ez diegunik. Horregatik, garrantzitsua da gurearen ezberdinak izan diren beste esperientziak ezagutzea. Eta zehazki, sexuari dagokionez, hemen lantzen ari garena baita. Beraz, “gure zibilizazioan ez bezala, Troibriandsen jendartea nerabeen sexu bizitzaz arduratzen da eta erraztu egiten du, bereziki bakarrik egon daitezkeen etxolak eskainiz, eta baita beste arlo batzuetan ere, eurek prozesu naturalez duten jakintzarekin bat”. Gehienentzat horrela zen, nahiz eta azaltzen diguten ezberdintasunak zeudela eta zergatik zeuden: “Haur talde bat soilik bereizten da gerta-aldi natural horretatik. Ekonomikoki onuragarria den ezkontza izateko patua duten haurrak dira horiek. (Lehengusu gurutzatuen arteko ezkontza mota hau beti agertzen da, ikerketa etnologikoek erakusten dutenean egungo edo historiako matriarkatu baten existentzia). Mota horretako ezkontzarako patua duten haurrak gureak bezala hezten dira, abstinentzia sexualean, eta neurosiak eta gure neurotiko karaktereologikoetan ezagunak egiten zaizkigun ezaugarriak erakusten dituzte. Euren abstinentzia sexualak menpekoak sortzeko funtzioa betetzen du. Sexuaren ukapenak funtsezko tresna izaera du esklabotza ekonomikoaren ekoizpenean”. Hemen garbi ikusten da psikologiaren beste pentsamendu korronte batek azaltzen dituen argumentuak okerrak direla. Freud buru duen korronte psikologiko honek aitortzen du errepresio sexuala ez dela biologikoa, kulturala baizik. Baina, dio errepresio sexuala ezinbesteko ezaugarri kultural eta soziala dela kulturaren sorkuntzan eta ugalpenean. Alegia, kultura orokorrean eta ekoizpen kulturala errepresio sexualari esker existitzen direla. Alegia, sexualitatea erreprimituko ez balitz ez litzatekeela kulturarik izango. Guretzako, baieztapen hori faltsua da, arrazoi askorengatik: “haurrarengan eta nerabearengan egiten den ukapen sexuala ez da, psikoanalisiak heziketa kontzeptu tradizionalak oinarri hartuta esaten duen moduan; kultura, sozialitate, ardura eta garbitasunaren garapenaren aurre-baldintza: zehazki aurkakoa da. Trobriandarrek, euren askatasun sexual natural osoarekin, nekazal garapen altua ez ezik, 1930 edo 1940ko edozein europar naziorentzat ametsa izango litzatekeen gauzen egoera orokorra lortu zuten”. Altuago esan daiteke, baina ez garbiago: “Haur osasuntsuek sexualitate natural espontaneoa dute. Haur gaixoek, sexualitate artifiziala dute, alegia, perbertsioa. Hezkuntza sexualaren kontu honetan kontrajartzen dugun alternatiba ez da ondorioz, sexualitatea edo abstinentzia, bizitza sexual natural eta sanoa edo perbertsioa eta neurotikoa baizik”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario