2009-12-22

NEREA SANCHO: "Ezartzen dizkiguten ereduak terrorismo hutsak dira"

ITURRI: GAZTEZULO.

Nere Sanchok hogeita hamar urte ditu, baina curriculum luzea du dagoeneko. 2005. urtean, Goxoki.com zerbitzua sortu zuen Atseginez elkarteko beste “lau katurekin batera”. Sexuari eta harremanei buruzko zalantzak argitzea da Goxoki-ren helburua, eta oso pozik daude orain arte egindako lanarekin. Gaur egun, Nerea sexologo lanetan ari da Gasteizko Udaleko Aholkularitza Zerbitzuetan, eta irakasle lanetan ere badabil EHUn, Hezkuntzaren Ikerketa irakasten.
Joan den urteko maiatzetik hona, hilero-hilero, Nerea sexuari buruzko erreportajeak kaleratzen ari da GAZTEZULOn. Horrez gain, erabiltzaileek egindako kontsultak erantzuten ditu GAZTEZULO.COM weborrialdean. Gero eta gazte gehiagok jotzen dute berarengana zalantzak eta kezkak argitzeko...

Nola txertatu beharko litzateke sexu heziketa eskoletan?
Gaur egun, sexu heziketa derrigorrezko edukia da eskoletan, baina zehar-lerroa da; alegia, ez da ikasgaia, baizik eta ikasgai guztietan landu beharko litzatekeen zerbait. Eta azken batean, horrek esan nahi du ez dela benetan inoiz lantzen, ez bada sexologo bat eskolan azaldu delako, parakaidista baten gisa, ordu batzuk ematera. Nire ustez, txiki-txikitatik, sexu-hezkuntzak derrigorrezkoa izan behar du eskolan, eta ez zehar-lerro bezala. Kontua da umeen gurasoek beldurra izaten dutela, sexu heziketaren ondorioz sexu harremanak ugaritu egingo direla uste dutelako. Funtsean, bi ideia daude gurasoen beldur horren atzean: sexu harremanak izatea txarra dela, eta hori bultzatu egiten dela. Baina sexu heziketak gauza bakarra egiten du: tresnak ematen dizkigu pertsona bakoitzak askatasunez erabaki dezan noiz eta zer egin, norekin egin, eta nola eta zein baldintzatan egin.
Eta nesken kasuan?
Emakume gorputz modelo bat inposatzen ari da, lortzen ezinezkoa dena. Kontuan har ezazu, publizitatean bertan, argazki asko muntajeak izaten direla: baten ipurdia hartu, beste baten bularrak erantsi… eta horrela. Neskek eredu horrekin konparatzen dute euren burua, eta beti galtzaile ateratzen dira; emakume guztiak ateratzen dira galtzen. Garbi izan behar dugu gorputz guztiak errepikaezinak direla, pertsonak errepikaezinak direla, eta gero bakoitzak grazia emango diola bere gorputzari. Eredu hau terrorismoa da, terrorismo hutsa. Gainera diru pilo bat ordaindu behar da ez dakit noren ilea lortzeko, zelulitisa kentzeko, ez dakit zein arropa klase erosteko… Mila gauza egitea eskatzen du eredu horrek. Adibidez, jende askok zergatik egiten du kirola? Askok ez dute gozatzen kirola egiten. Gure lagun batek dioen bezala, zure larruazala da zure jantzirik onena, eta zaintzea ondo dago, baina…
Nork bere burua beti besteekin konparatu behar horrek kalte handia egiten du bizitzan, eta are handiagoa gaztetan, gauza askotan lehen pausoak eman behar diren garaian…
Neska batek bere burua modelo batekin konparatzea perspektiba arazo larria da. Modelo hori ez da inoiz zu izango, eta zu ez zara inoiz bera izango. Zuk Arte Ederrak ikasi badituzu, eta modelo horrek pasarelan ibiltzen ikasi badu… bada, zer demontre, modelo horrek ez ditu inoiz Arte Ederrak ikasiko, ez da inoiz zure familiakoa izango, ez du inoiz sentituko zuk zure larruazalean sentitzen duzuna! Zu zu zara, eta kitto. Hori landu egin behar da, asko landu behar da.

Elkarrizketa Osoa Ikusi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario