2009-12-15

SEXU- HEZKUNTZA FAMILIAREN ARDURA AL DA?


Argi dago: familiari badagokio sexu-hezkuntza. Gizarteak ala eskolak,
irakasleek ala gurasoek, zeinen esku dagoen heziketa sexuala eztabaidatzen
hastea alperrekoa da. Gurasoak, nahitaez, egunero-egunero egiten ari gara
sexu-hezkuntza. Zer dela eta eztabaida hau, orduan? Akaso, kostatzen
zaigu horren ardura hartzea ala egin nahi ez dugunaren seinalea al da?
Edukiko al du gure sexualitate pentsaerak horrekin zerikusi?
Gure gizartean erabiltzen dugun sexualitatearen kontzeptuak eragina
izango du segur aski. Sarri, genitaletan oinarritzen dugu eta genitalekin
egiten dugunarekin. Gainerakoa hortik dator gero, hau da, beti amaitzen
dugu infekzioetaz, nahi gabeko haurdunaldietaz eta prebentzio neurrietaz
berbetan.
Eta gazteak, bada, beste horrenbeste, gauza bera gertatzen zaie.
Hainbeste berba egiten dute egin behar dutenari buruz baina benetan zer
nahi duten, zer desio duten, hori ez dute jakin izaten.
Baina dena aldatuko litzateke sexualitatearen benetako esanahiaz jabetuko
bagina eta ez hain modu itxian hartu. Pertsonok, denok gara sexudunak,
bizitzeko eran eta adierazteko eran nabarmentzen zaigu, sexudun garen
aldetik. Baina beti ere, prozesu bat da hori, jaiotzean hasi eta hiltzean
amaitzen dena. Pertsona bakoitzak prozesu bakarra bizi du, parekorik ez
duena, bakarra eta zoragarria. Bai sexu bi daudela, emakumezkoa eta
gizonezkoa, baina hamaika era daude emakume ala gizon bezala bizitzeko,
bakoitzak bere desioak dauzka (sexu berarekiko edo beste sexuarekiko),
fantasiak eta baita portaera erotikoak ere bai.
Horregatik sexualitate erak daudela esan behar dugu, ez sexualitate bakar
bat, era asko daude-eta izateko, adierazteko eta sentitzeko. Honek balio
digu pertsona ororentzat eta eboluzio-momentu guztietarako. Gizon zein
emakume, guztiok gara bakarrak, parekorik gabe eta bereziak dira eta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario